Monday 26th August 2019,
Socialistas de Irun – Irungo Sozialistak

Florencio Iracheta

Florencio Irachetaren biografia laburra eta Irungo sozialismoari egin zion ekarpena

florencio

Florencio Iracheta Irungo sozialisten zinegotzi eta buru izan zen. Hogeigarreneko hamarkadan Irunera etorri zen Madrildik Aduanan lan egitera. Muga ondoko hiri honetako sozialistek bultzaturiko “Etxe Merkeak izenekoak egiteko Irungo Kooperatiba”ko zuzendaritza batzordean egon zen, eta bertako batzordeburua izan zen 1925ean. Urte hartan, Irungo udalak 15.000 pezeta eman zizkion “La Irunesa” esaten zitzaion kooperatiba hari langileentzako etxebizitzak egiteko, eta 1928ko uztailean hasi ziren etxeak eraikitzen.
1931n Irungo udalerako zinegotzi sozialista aukeratu zuten Benito Boda eta Francisco Fernández Trevínekin batera. 1932an Irungo UGTko presidente hautatu zuten. 1934ko udan euskal udaletan izan zen gatazkaren ondorioz, urte hartako irailean kendu egin zuten udaleko bere kargutik. Hauteskundetan Frente Popularrak garaipena izan ondoren, 1936ko otsailean berriz ere bere kargua eman zioten.

 

Gerra Zibila hasi zenean, Irunen Defentsarako Batzordeburu izendatu zuten. Irun matxinatuen esku erori zenean, Hendaiara joan zen bere familiarekin batera, eta 1936ko urriaren 18an Bilbora joan nahi zuela adierazi zuen. 1937ko martxoaren 5ean “Galdames” ontzia hartu zuen Bilbora joateko asmoarekin. Itsasontzian, beste bidaiari batzuen artean, hauek zeuden: Manuel Carrasco Formiguera –Unió Democrática de Catalunyako kide eta Generalitatearen ordezkari Eusko Jaurlaritzaren aurrean– Gerardo Bienabe (Alderdi Errepublikano Radikal Sozialistakoa) eta Evaristo Larrañaga (Ezker Errepublikanokoa).

 

Martxoaren 5ean, Matxitxakoko gudan, non Eusko Jaurlaritzako bou artilatuek eta “Canarias” gurutzontziak parte hartu zuten, atxilotu egin zuten eta Donostiako Ondarretako gartzelara eraman zuten. Burgosera eraman eta 1937ko uztailaren 23an gerra kontseilu batean epaitu zuten. Heriotza zigorra jarri zioten Irunen eskuineko hainbat presoren hilketaren eragile izatea eta muga ondoko hiri horri su ematea leporatuta. Jean Herbette Frantziako enbaxadoreak sekulako gestioak egin zituen, eta horietan Julián Troncoso Irungo Komandantziako burua ere parte hartzera heldu zen, baina hala eta guztiz ere, Iracheta fusilatu egin zuten, 1938ko martxoaren 10ean, udalbatzako bere kide Evaristo Larrañagarekin batera. Eusko Jaurlaritzak haren alargun eta bost seme-alaben ama Margarita Landari hilean 750 liberako pentsioa eman zion. Irachetaren etxea, Anaka auzoan, hau da, hark bultzatuta etxe merkeak eraiki zireneko auzoan zegoena, “Villa Libertad” deitzetik “Villa España” deitzera pasa zen.