Monday 17th June 2019,
Socialistas de Irun – Irungo Sozialistak

Diktaduran zeharreko Erbestea

Errepresioa eta erbestea frankismoan

Errepresioa gogorra, erbestea eta Hendayan erreorganizazioa

 Gerra Zibilaren ondoren, Francoren diktadurapean gertatu ziren lau hamarkadak oso zailak izan ziren Sozialismoarentzat Estatu Espainiarrean, baina, areago Irunen, kokapen estrategikoagatik oso-oso zelatatuta egon baitzen erregimen frankistaren aldetik, eta gogor galarazten zuen zelula sozialistak berrantolatzeko edozein saio.Hala ere, berrogeiko hamarkadan, Tokiko Komite batzuk berrantolatu ziren, Irunen, adibidez. Baina, zalantzarik gabe, Frantzia aldeko Euskal Herrian, hain zuzen Hendaian, garatu zen Alderdiaren jarduera nagusia, kide errefuxiatuei laguntze aldera.

DICTADURA Y EXILIODICTADURA Y EXILIO

Hendaiako egoitza horrek lan garrantzitsua egin zuen, barnealdearekin kontaktatzeko. Horren froga da Alderdiaren iritzia jakiteko prentsa eta propaganda sozialista ezkutuan igarotzen zela, eta baita UGTrena ere, errepresioagatik eta herriaren eskubide eta askatasun faltagatik kezkatuta.

Bien bitartean, Irunek atzerapen handia izan zuen lan-jardueran, aduana itxi zelako, eta demografia jaitsi egin zen, lan-aukera eza horren ondorioz. Hori aldatu egin zen, argi eta garbi, aduana ireki zenean, 40ko hamarkadaren amaieran, eta hiria berrosatzen hasi zen ekonomi eta demografi alorrean.

Berrosatze horren froga dira hirigintzako hedatze-planak, eta langile-etxebizitzak eraki zituzten; esaterako, Katean, Pio XIIn edo Larreaundin. Antolamendu hori udal frankistek gauzatu zuten, beren onurarako ziren irizpide zorrotzak erabiliz, haietan bizi behar zutenen bizi-kalitaterako irizpideak alde batera utzita.

Gainera, hirian zeuden fabrika handietan (Porcelanas Bidasoa, Palmera, CAF, Elgorriaga) aldarrikapen-espiritu berri bat sortzen hasi zen, eta soldata-baldintzen hobekuntza eta lanaldiaren murrizketa eskatzen hasi ziren.

Alderdi sozialistaren berrantolaketa

 60ko hamarkada iritsi zenean, eta 70ekoaren erdi aldera, modu egonkorragoan antolatzen hasi zen Sozialismoa Irunen, eta 1965ean, sozialista gailenek, hala nola, Liborio Hernandezek (hurrengo urteetan Irungo sozialismoaren buru izan zen, eta horren ondorioz, atxilotu egin zuten 1975ean), Antonio Hernandezek eta Joaquin Arzuagak Alderdi Sozialistaren lehenengo zelula osatu zuten Irunen. Guztiak ziren CAFeko langileak, eta langile-klasea astintzen hasi ziren greba sinbolikoak eginez maiatzaren 1ean (Lanaren jaia) eta apirilaren 14an (II. Errepublika aldarrikatu zen eguna).

Garai horretan jarrera aldarrikatzaile gehiago agertzen hasi ziren, herrialdearen bide-aldaketaren alde, eta euskal sozialismoko kide gailenak maiz ikusten ziren Irundik: Ramon Rubial, Enrique Mujica, Nicolas Redondo edo baita Felipe Gonzalez ere.